Azpeitira iritsiko da Gure Zirkua irailean, eta dagoeneko agortu dira emanaldietarako Interneten salgai jarritako sarrera guztiak. Abuztuaren 14an jarri zituzten eskuragarri sarrerak eventbrite.es webgunean, eta horiek guztiak agortu dira jada. Dena den, sarrera gutxi batzuk gelditzen dira oraindik, eta irailaren 2an irekiko duten txarteldegian egongo dira salgai. Gure Zirkuaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, txarteldegia 17:00etan irekiko dute, eta sarrerak agortu arte egongo da zabalik.
Irailaren 5etik 14ra bitartean hamahiru emanaldi eskainiko ditu Gure Zirkuak Azpeitian, Esklaben ondoko zelaian, hain zuzen. Han muntatuko dute karpa egitasmoaren antolatzaileek, eta bertan eskainiko dituzte emanaldi guztiak.
Honako egun eta orduetan izango dira Gure Zirkuaren Azpeitiko ikuskizunak:
- Irailak 5, osteguna: 19:00etan.
- Irailak 6, ostirala: 18:00etan eta 20:30ean.
- Irailak 7, larunbata: 18:00etan eta 20:30ean.
- Irailak 8, igandea: 12:00etan eta 19:00etan.
- Irailak 11, asteazkena: 19:00etan.
- Irailak 12, osteguna: 19:00etan.
- Irailak 13, ostirala: 18:00etan eta 20:30ean.
- Irailak 14, larunbata: 18:00etan eta 20:30ean.
Gure Zirkua proiektua kultur arloan aritutako hainbat artistek osatzen dute, eta tartean da Ekain Ibarguren malabarista azpeitiarra. Duela bi urte hasi ziren Gure Zirkua egitasmoari forma ematen, eta hasieratik aritu da lanean Ibarguren. Auzolanean sortu zuten gaur egun Gure Zirkua dena, eta Ibarguren lan horietan ari zela erreportajea egin zuen Uztarria.eus-ek. Tolosaldeko Atariak ere egin zuen Gure Zirkua proiektuari buruzko erreportajea, eta honako lotura honetan irakur daiteke.