"Kaliek gero eta zikino zaren herriyen. Lehen ez hitunan hainbeste pankarta eta pintada ikusten", entzun diot bati Etxe-Zuriko terrazan. Azoka eguna da eta enkarguak egin aurreko kafeak kalte egin dit bere argudio sorta entzunda. Altxatu eta –arreta selektiboaren erruz agian– "kaleko zikinkeriei" begira igaro dut Erdikalea.
Plaza aldera noala kontagailu bat paretan, sistemak erail dituenen kopurua erakutsiz. Kalean gora esku batzuk elkarri lotuta, Bizitzak erdigunean dio M8rako margotutako hormak. Ohiko kartelak alde batean eta bestean, datozen ekitaldien iragarle. Elizkalera doan pasabidetik Mauriziak keinu egin didala esango nuke; eta Patxipirata atezain izan zen lokalean, aitona batek eskutik heltzen dio haur bati, presoen argazkien begiradapean. Aurrera jarraitu dut uso tiraketaren eta zezenketen aurkako mezuen artean. 47ak libre dio pankarta izatera kondenatu dugun plastiko zuriak Plaza Txikian, eta gazteak ez dabiltzala konforme adierazi dit kioskoa inguratzen duenak.
Plazako postuak gurutzatu bitartean, Etxe-Zurin utzitako herritarra bezalakoekin Alde Zaharretik txango turistikoa egitea otu zait. Basazabal jauregia bisitatu beharrean, kaleko horma-irudi, kartel eta panfletoen atzean dauden historiak azalduko nizkieke, "kaleko zikinkeriak" herritarrek pairatzen dituzten miserien ispilu direla agertuko dien gidari baten modura. Ados egon ala ez, norbaiten kezka direla eta beste aldera begiratzea ere hautu bat egitea dela esango nieke.
Eskaileretan gora, bakarrizketan ari naizela, Santutxora iritsi naiz. Bihotz baten marrazkiak eman dit ongietorria, Zilegi da sentitzea lemarekin. Dena ez dago galduta.