Ikasturteari ekiteko prest dago Azpeitiko Gaztetxea, eta zehaztu du lehen hitzordua. Irailaren 13an, 22:00etan hasita, hiru musika talde igoko dira gaztetxeko oholtzara: Brigade Loco, The Bobby's eta Azken Sustraiak.
Azken Sustraiak taldearen Utopian gara aske diskoaren aurkezpena izango da irailaren 13koa, eta hitzordu horretan lagun izango dituzte Brigade Locoko eta The Bobby'seko kideak.
Sarrerak, aurrez
Hasiera batean zuzenekoetarako sarrerak kontzertuen egunean bertan saltzeko asmoa zegoen arren, azkenean txartelak aurrez salgai jartzea erabaki dute antolatzaileek; izan ere, jende ugari aurreikusten da kontzertuetan, eta egunean bertan inor kanpoan gera ez dadin sarrerak aurrez jarri dituzte eskuragarri.
Atzo arratsaldean jarri zituzten salgai kontzertuetarako sarrerak, Azpeitian, Bergaran eta Beasainen. Azpeitian Orkatz eta Urola Expres tabernetan daude eskuragarri, bost eurotan. Dagoeneko txartel ugari saldu dira, eta azkar ibiltzeko gomendatu dute antolatzaileek.