Irudi onenaren saria jaso du 'Lekaime' film laburrak Veracruz Short Film jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2019ko abu. 30a, 15:11

Xanti Rodriguezek zuzendutako Lekaime filmak sariak jasotzen jarraitzen du. Oraingoan, Rodriguezek zuzendutako lanak irudi onenaren saria jaso du Veracruz Short Film jaialdian. Azpeitiarrak gaur eman du azken lorpenaren berri.

Sitgeseko Fantasiazko Zinema Jaialdian erditu zen Lekaime, eta orduz geroztik ugari izan dira lortutako sariak eta jasotako aipamenak. Eibarko XIX. Asier Errasti film laburren jaialdian euskarazko lanik onenaren saria jaso ostean, nazioarteko bi jaialditan hautatu zuten azpeitiarrak ekoiztutako lana. Indiako The Buddha International Film Festivalen edizio edo muntai onenaren saria jaso zuen Lekaimek eta Uruguaiko Nox FilmFest jaialdiko sail ofizialeko hautagaietako bat izan zen azpeitiarraren film laburra. 

40. hamarkadan kokatzen da Lekaime, eta Hitlerrek Hendaia zapaldu zuen egunetan dago oinarrituta lana. Lantzen dituen gaien artean daude magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak. Grabaketa lanak Azpeitiko eta inguruetako zenbait txokotan egin zituzten, hala nola Esklabetan, Zelatunen, Ezkuztako harrobian eta Madariagan. Oihana Maritorena, Amaia Lizarralde eta Asier Hernandez aktoreak dira azpeitiarrak zuzendutako film laburreko protagonistak. Joan zen urrian aurkeztu zuen Rodriguezek lana etxean, Soreasu antzokian.

Filma Azpeitian aurkeztu bezperetan honako bideo elkarrizketa hau egin zion Uztarria.eus-ek Rodriguezi:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide