Plax! bikote eta sexu aholkularitza zerbitzua martxan da berriro

Uztarria.eus 2019ko ira. 17a, 13:33

Udako etenaren ostean, martxan da berriz Udalaren Plax! sexu eta bikote harremanen aholkularitza zerbitzua. Edozein kontsulta egiteko edo hitzordua eskatzeko, 688 897 920 telefonora deitu behar da.

Plax! sexu eta bikote harremanen aholkularitza zerbitzua martxan da berriro. Udako etenaren ostean, ikasturte berria hasi du zerbitzuak, eta herritarrek dagoeneko egin ditzakete kontsultak. Gizon eta emakumeek, bakarka edo konpainian, sexu eta bikote zailtasunak izaten dituzte bizitzako garai desberdinetan, eta horiei irtenbideak emateko, jakin-minari erantzuteko eta genero estereotipoetan oinarritutako harreman sexualak gainditzeko, Azpeitiko Udalak herritarren zerbitzura du aholkularitza gune profesionala, konfidentziala eta doakoa, osasun zentroen zerbitzu osagarri gisa. Modu horretan, edozein zalantza duten herritarrek erabilgarri dute Plax! zerbitzua.

Besteak beste, honako kezka hauek dituzten pertsonek jo dezakete zerbitzura: errutinatik ateratzea nahi dutenek, beren gorputza ezagutzea nahi dutenek, orgasmoak sentitzen ikasi nahi dutenek, jeloskortasunak sortutako gatazka egoerei aurre egitea beharrezkoa ikusten dutenek, aldizkako eta zehaztu gabeko bikote harremanak kudeatu nahi dituztenek, menopausiak sortutako aldaketei eta gogo berriei erantzuna eman nahi dietenek, nork bere klitoria zein beste batena gidatzeko baimena atera nahi dutenek, seme-alabak jaio ostean esperientzia erotikoak indarberritzea nahi dutenek, isurketa egoeretan kontrol gehiago lortu nahi dutenek, erekzio gaitasuna suspertu nahi dutenek, bikote eztabaidak gutxitu nahi dituztenek, zauriak sendatzeko beharra dutenek, sarketa ezberdinetan plazera sentitzera iritsi nahi dutenek, lagundutako ugalketa egoeran oreka erotikoa aurkitu nahi dutenek, armairutik ateratzeko edota askatzeko laguntza lortu nahi dutenek, erakargarritasuna handitu eta bikote harreman bat hasteko gai izan nahi dutenek, gaixotasun larri batekin edo ondoren erotismoa berreskuratu nahi dutenek, seme-alaben sexu-hezkuntzarako irizpideak jaso nahi dituztenek, sentitutako sexua koherentziaz bizitzeko aliantzak eta baliabideak lortu nahi dituztenek...

Askotariko zalantzen aurrean, laguntza eskaintzen dute Plax! zerbitzuaren gidariek. Edozein kontsulta egiteko edo hitzordua eskatzeko, 688 897 920 telefonora deitu behar da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide