Eskola kirolaren alderdi hezitzailean sakontzen jarraitzeko prest

Uztarria.eus 2019ko ira. 18a, 20:41

Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoak eta bertan partaide den Azpeitiko Udalak joan den zapatuan Soreasu antzokian egindako Eskola kirola Herri Hezitzailearen ikuspegitik jardunaldiak emandakoaren berri eman dute, laburpen bideo honekin. Hiru orduko jardunaldian hitza hartu zutenen azalpenak jaso dituzte bideoan: Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea, Alaitz Badiola Eskola Kirol Kontseiluko kidea, Aitor Cordoba Iraurgi Ikastetxeko zuzendaria, Arantxa Bidezabal Azpeitiko Ikastola Ikasberriko zuzendaria, Camino Saiz Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko zuzendaria, Maite Azpiazu Azpeitia Herri Hezitzaileko talde eragileko kidea, Egoitz Arruti udaleko Kirol batzordeburua eta talde eragileko kidea, Uxua Gainza psikomotrizitatean aditua eta Alex Astigarraga kirol teknikaria ageri dira bertan.

50 bat lagun elkartu ziren jardunaldiaren bueltan; "nahi baino jende gutxiago", antolatzaileen esanetan. Hala ere, "gustura" daude zapatu goizekoaren emaitzarekin, eta "goiz emankorra" izan zela adierazi dute. Eskola kirolak Azpeitian orain arte egin duen ia 30 urteko ibilbidearen balioa aitortu eta aurrera begirako erronkei "elkarrekin erantzuteko gogoz" azaldu ziren jardunaldian udala, Eskola Kirol Kontseiluko kideak eta herriko ikastetxeak.

Zapatukoarekin, "eskola kirolari beste bultzada bat eman" diotela uste dute antolatzaileek, eta jardunaldiak emandakoarekin pozik daude: "Ikusi da lanean jarraitzeko arrazoiak daudela eta aukera ugari dagoela eskola kirolak balioak lantzeko eremu ezin hobe izaten jarraitzeko. Herri Hezitzaileak bere ateak zabalik ditu proposamen gehiago jasotzeko eta balioetan oinarritutako heziketa bideratze aldera zubi lanak egiten jarraitzeko. Esparru honetan zein beste hainbatetan lanean jarraituko dugu hemendik aurrera ere", dio Azpiazuk.

"Eskola kirolean aritzen diren eta aritu izan diren horien guztien lanaren aitortza eta urte guzti hauetan eman diren aldaketak balioan jartzeko ere aprobetxatu nahi izan dugu jardunaldia. Horri gehitu behar dizkiogu jardunaldian jaso genituen ideiak eta proposamenak. Uste dugu etorkizunerako zenbait gako jaso genituela, bai hizlariek esan zuten guztitik, bai ikus-entzuleengandik jaso genituen iritzietatik", azaldu du, bere aldetik, Arrutik. Horrekin batera, jardunaldia antolatzen ibili zirenen, parte hartu zutenen eta entzutera eta parte hartzera joan zirenen "konpromisoa eskertu" du Kirol batzordeburuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide