Negozioen eskualdatzea ardatz hartuta, hainbat lan lerro jarri ditu martxan Iraurgi Berritzenek

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2019ko ira. 27a, 13:24

Agentzia negozioen zein jardueren eskualdatzea lantzen hasi da, azken urteetan ekonomikoki errentagarriak ziren izaera desberdinetako establezimendu ugarik itxi dituztelako ateak. Merkaritza arloan hainbat lanketa egin dute jada, eta enpresa txikietan nahiz eraikuntza gremioetan ere landuko du gaia. Gainera, udazkenean eskualdeko aholkularitza etxeei zuzendutako formakuntza saioa egingo du.

Establezimentuen eskualdatzea ardatz hartuta, hainbat lan lerro lantzen hasi da Iraurgi Berritzen. Eskualdean kezka sortzen duen egoera da establezimenduen eskualdatzea, eta kezka horri erantzuna emateko hasi da gaia lantzen eskualdeko garapen agentzia. Izan ere, azken urteetan, ekonomikoki errentagarriak ziren izaera desberdinetako establezimendu ugarik itxi ditu ateak azken urteetan. "Horietako askok errelebo edo jarraipen ezagatik itxi dituzte eskualdean, eta horren enpleguan nahiz ekonomian eragin nabarmena du", azaldu dute Iraurgi Berritzeneko kideek.

Hori dela eta, etorkizun hurbilean establezimendua eskualdatzeko nahia duten negozioak identifikatzea eta horretan bidelagun izatea lortu nahi du Iraurgi Berritzenek. Besteak beste, oinarrizko aholkularitza eta bitartekaritza eskaniko ditu erakundeak. Hiru jardueratan ardaztuko dute GipuzLan-Eskualdatzea egitasmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin: aholkularitza nahiz bitartekaritza jaso ahal izango dute establezimenduek, industria esnpresa txikiek zein eraikuntzako gremioek.

Egitasmoa martxan jartzearekin, merkaritza arloan jarri dituzte martxan lehen lan lerroak. Horren erakusle da Autonomoen erretiroa, Negozioen balorazioa eta eskualdatzea edo Berrikuntza diagnostikoak merkaritzan jardunaldiak egin dituzte azken hilabeteetan, Azkoitiko, Azpeitiko eta zestoako merkatari elkarteekin elkarlanean. Gainera, elkarte horiekin lankidetzan, merkataritza arloan eskualdatzeari lotutako gaiak lantzeko lantaldea osatu dute.

Datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dute, eta Iraurgi Berritzenek adierazi duenez, GipuzLan-Eskualdatzea egitasmoa industria enpresa txikietara nahiz eraikuntza gremioetara zabalduko dituzte lan lerroak. Gainera, udazkenean eskualdeko aholkularitza etxeei zuzendutako formakuntza saioa egingo du.Dena den, negozioa edo jarduera eskualdatzeko interesa duten establezimenduek aholkularitza jasotzera garapen agentziara jo dezaketela azaldu du Iraurgi Berritzenek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide