Urte batzuetako etenaldiaren ondoren berriro dugu antzerki lan bat esku artean. Alde horretatik, horrexegatik bakarrik ere, pozgarria da Erein etxearen Antzoki Txikia bilduma barruan argitaratu den Alaitz Olaizolaren lan berri hau. Olaizola ezaguna da arlo honetan, bilduma honetan bertan baditu eta, hainbat lan argitaratuak. Eta alde horretatik irakurtzeko eta antzezteko diren liburu hauen nondik norakoak ondo baino hobeto ezagutzen ditu.
Hasieran, Manuel Ortegaren laguntza paregabearekin ilustrazio arloan, sinopsia eta protagonistak aurkezten zaizkigu (eskola bateko bost neska-mutiko –beno, mutiko bat eta lau neska–, eta hiru estralurtar –geroago gure artean gizaki nortasuna eta itxura hartuko dutenak–). Ondoren agertokia nolakoa izan behar den eta antzezpenerako beharko diren elementu batzuk –plastiko bat eta tabletak, esaterako– azaltzen dira antzezlanaren narrazioari, kontakizunari edo gidoiari, hobe esanda, ekin aurretik.
Egileak berak, sinopsian, adierazten digu labur-labur zein den liburuaren istorioa: 'Mikelek eskola jazarpena pairatzen du. Isilean eta ezkutuan darama bere sufrimendua. Baina hemendik oso urruti, urrutiko planeta batean, izan dute gertaeraren berri, eta ez dute ezer egin gabe geratzeko asmorik'.
Jarraitu testua irakurtzen, Argia.eus webgunean.