Bihar erabakiko da Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketako bigarren bikote finalista

Uztarria.eus 2019ko urr. 17a, 11:21

Erremonte Txapelketaren aurtengo edizioko irudi bat.

Bihar jokatuko dituzte txapelketaren ligaxkako azken norgehiagokak 18:30etik aurrera, Izarraitz pilotalekuan. Lehen norgehiagoka Ansa II.ak eta Labakak jokatuko dute Aldaberen eta Endikaren kontra, eta bikote horietako bat izango da Goikoetxea V.aren eta Ionen aurkaria datorren urriaren 25eko finalean. Ate irekien jardunaldia ere izango da bihar, 17:30etik aurrera, herritarrek erremontea eta erremontisten jarduna gertutik ezagutu dezaten.

Azpeitiko Erremonte Txapelketaren XX. edizioa bukaerara iristen ari da; izan ere, bihar, ostiralarekin, jokatuko dituzte ligaxkako azken partidak 18:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Lehen norgehiagoka Ansa II.ak eta Labakak jokatuko dute Aldaberen eta Endikaren kontra. Bigarren partidan, berriz, Juaneneak eta Zubirik Segurolaren eta Azpirozen kontra neurtuko dituzte indarrak.

A taldeko bikote finalista bihar arratsaldeko lehen neurketan erabakiko da: Ansa II.ak eta Labakak 35 tanto behar dituzte finalera sailkatzeko, eta Aldabek eta Endikak 25 tantoan utzi beharko dituzte aurkariak finalera sailkatu ahal izateko. Matxinek eta Larrañagak aukera bakarra dute finalera sartzeko: Ansak eta Labakak 25 eta 35 tanto artean egitea. Finala urriaren 25ean, ostirala, izango da Izarraitz frontoian.

Joan zen asteko partida irabazita, B taldeko sailkapenburu Goikoetxea V.a eta Ion finalean izango dira. Dena den, bigarren eta hirugarren postuen lehia irekita dago: Juaneneak eta Zubirik Segurolaren eta Azpirozen kontra jokatzen duten partidan erabakiko da zein bikote sailkatuko den lehenago.

Partidak ikusteko sarrerak bi eurotan jarriko dituzte salgai izarraitzeko leihatilan. Pilotalekuko leihatila partidak hasi baino ordubete lehenago, 17:30 aldera, irekiko dute bihar.

Ate irekiak ere bai

Erremontea hauspotzeko asmoz, eta berrikuntza moduan, ostiral honetan eta hurrengoan ate irekien jardunaldiak egingo dituzte, herritarrek erremontea "barrutik" ezagutu dezaten. Horrenbestez, bihar, 17:30ean irekiko dituzte Izarraitz pilotalekuko ateak, eta 14 urtetik gorako herritarrrek aukera izango dute erremontea nahiz erremontisten jarduna gertutik ezagutzeko. Ate irekien saioetara joan nahi duten lagunek, 17:30 aldean Izarraitz pilotalekura joan beharko dute. Datorren ostiralean ere izango da ate irekien saioa, 17:30etik aurrera, Izarraitzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide