Mikel Larrañaga Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa irabazteko faboritoen artean da

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 17:03

Mikel Larrañaga Urrezko Aizkolarien Ligako finalean.

Larrañagak igandean jokatuko du finala, Iker Vicenterekin, Julen Alberdi Txikia IV.arekin, Eneko Otañorekin, Iñaki Azurmendirekin eta Jon Rekondorekin batera. 12:00etan hasiko da lehia, Gasteizko Iradier Arenan. Sailkapen fasean bigarren egin zuen Larrañagak, Vicentek baino 24 segundo gehiago behar izan baitzituen lanak bukatzeko. Vicente eta biak dira txapela janzteko faborito nagusiak.

Mikel Larrañaga Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finalean izango da igandean, Gasteizen. Joan zen urriaren 6an lortu zuten sei aizkolarik finalerako txartela Donostian jokatutako sailkapen fasean, eta beraz, Larrañagarekin batera ariko dira txapela lortzeko lehian Iker Vicente, Julen Alberdi Txikia IV.a, Eneko Otaño, Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo. 12:00etan hasita jokatuko dute horiek finala, Gasteizko Iradier Arenan.

Aurtengo edizioan ezusteko nabarmen bat izan da; izan ere, bost urtez jarraian txapelketa irabazi duen Aitzol Atutxa dimoztar aizkolariak ez du lortu finalera sailkatzea. Aurtengo sailkapen fasea ikusita, badirudi finala ere estua izango dela: 24 segundoko aldea atera zion lehen postuan sailkatu zen Iker Vicentek Larrañagari –Vicentek 18 minutu eta 11 segundotan bukatu zituen lanak, eta 18 minutu eta 35 segundotan Larrañagak–. Iazko finala, Atutxak irabazi zuen, baina haren atzetik sailkatu ziren Vicente eta Larrañaga, hurrenez hurren.

Igandean txapela lortzeko faboritoak dira Vicente eta Larrañaga. Dena den, sailkapen jardunaldian 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor ebaki behar izan zituzten aizkolariek, eta finalean bikoiztu egingo zaizkie egin beharreko lanak: halako launa enbor ebaki beharko dituzte. Lanak amaitzen denbora gutxien behar duenak jantziko du 2019ko txapela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide