Pisu handia du iraganak. Bizkar gainean daramagun harri lakarrez tope dagoen motxila da gure egunerokoan. Ongi askatu gabeko korapiloek eragindako samina kondentsatzen da harri lakar horietako bakoitzean. Memoria kolektiboa arindu nahian gabiltza beti, lehen izan zena ezabatu nahian, garena ginena izango ez balitz bezala. Ginenean egindako akatsak konpontzeak ekarritakoa izango garelakoaren amets utopiko irrealean bizi gara. Eroriko da, ordea, gizakia berriz. Eta berriz... Ezagutzen ez dena errepika, ignorantearen kondena betierekoa.
Memoria historikoa garrantzi bitalekoa da herri baten egituraketan eta pausu garrantzitsutzat jo daiteke gaur Erorien Haranean ematera doazena. Granitozko losa pisutsu bat altxatzeak inoiz ez du horrelako atentzio mediatikorik erakarri. Hau ez da, ordea, edozein tapa. Ezkutatzen duena, Espainiako historia lau hamarkadaz baldintzatu zuen diktadore krudelaren gorputza baita. Diktadore baten hil-kutxa bere biktimen hilotzen, hilotzen atalen, hezur nahasien ondoan egotea ulertezina gertatzen da demokrazia heldu-deituriko honetan. Neurria elektoralista izan daitekeen arren, aspaldi konpondu beharreko kontu hau Sanchez jaunaren urte eta erdiko presidentziaren ikur eta garaikur bihurtuko da. Historia liburu denetan agertuko den deshobiratze honek bere sinadura baitarama, gustatu ala ez. Bada zerbait, berrogei urtean inork lortzeko aukerarik izan ez duela kontuan hartuta. Aukerarik ala gogorik?
Trantsizioa amaitzeke dagoela esan ohi denean, gaur egungo eskuin alderdiek ezkerrari leporatu ohi diote gai hau erabiltzea estalki gisa. Losa, estalki, tapa... Egungo arazoak garrantzitsuagoak direla erdietsiz, ahazten zaie izango direnei iraganean gertatutakoa azaldu, dokumentatu egin behar zaiela. Handitasun adierazgarri ideatu zuen Francok Erorien Harana, preso errepublikarrek bere feretroa jasoko zuten paretak eraikitzen jardun zutelarik. Etsaiak eraiki etxea. Betirako etxea. Hala uste zuen hark, baina gaur aterako da bere paradisu infinitutik, garaiko zenbait militar eta politikari frankista jasotzen dituen Pardoko hilerrira joateko.
Eginbeharreko bat geratzen da mahai gainean. Laikoa den estatu batean, munduko gurutze handienak koroatzen duen monumentuaren erabilera eta utilidadea zehaztea, hain zuzen. Memoriarako zentro batean bilakatzeak ditu bozka gehien oraingoz. Dena delakoa izanda, ez ditzagun patrimonializatu gudek, gatazkek, arazoek sortutako zauri eta saminak. Denona da historia, irabazle/galtzaileen istorioa saldu diguten arren. Samina sortu zein pairatzeak, humanitateak bake nahiarekiko lortu behar lukeen hitzarmen permanentea bermatzera garama. Biktimen duintasuna aitortzeko balio dezaketen pausuak dira gaurkoa bezalakoak, pairatutako sufrimenduz osatutako losak altxatzeko, zorigaitza kondenatzeko. Motxila arintzen joateko, etorriko dira eta harri-koskor berriak.