Hasi da irudi bidezko narraziogintza tailerraren istorioa

Uztarria.eus 2019ko urr. 30a, 18:20

Dinamoa sormen guneak ateak ireki dizkio Badirudi ikastaroari, irudi bidezko narraziogintza tailerrari. Atzo, asteartea, hasi zen Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek gidatuko duten ikastaroa, eta Dinamoan elkartu ziren tailerra emateaz arduratuko diren bi ilustratzaileak eta ikastaroa egingo duten hamabost lagunak. Bost hilabete iraungo du Badirudik, eta parte-hartzaileek askotariko ariketak egingo dituzte tailerrak irauten duen bitartean. Irudiak sortzen, desegiten, irakurtzen eta erabiltzen ikasiko dute, besteak beste. Dena den, tailerrak ez du ilustrazioa izango ardatz, irudia baizik. Hau da, irudi mota ezberdinak landuko dituzte narraziogintza ikastaroan: ilustrazioak, argazkiak, collageak… eta horiekin zer egin eta zer kontatu daitekeen ezagutuko dute parte-hartzaileek. Gainera, Badirudi ikastaroan zehar, beste arte diziplina batzuetako artistak edo irakasleak gonbidatuko dituzte Dinamora. 

Badirudi egitasmoaren sustatzaileen xedea da tailerrean izena eman duten lagunek irudien gaineko begirada kritikoa hartzea, irudien bidez kontatzeko tresna propioak garatzea eta proiektu propioak nahiz kolektiboak gauzatzeko gai izatea. Hori guztia egiteko eta proiektuak behar bezala gorpuzteko bost hilabete izango dituzte. Beraz, hasi besterik ez da egin martxora arte luzatuko den istorioa. 

(Argazkia: Dinamoa sormen gunea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide