Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuan ari da lanean Edurne Mendizabal sexologoa (Hernani, 1972). Urteak daramatza Arremanitz kooperatiban sexu hezkuntzako proiektu integralak egiten; baina badira urte batzuk sexologia zerbitzu publiko eta doakoen beharra ikusten zutela. Azpeitian eta Hernanin ari dira horretan 2014tik, bi udaletako parekidetasun sailek sustatuta —Arremanitzek garatzen ditu Plax! zerbitzuak—. Banako zein taldeekin egiten dute lan, eta taldeko tailer batekin dabiltza orain bi herrietan: Erditzearen eta seme-alaben ondorengo sexualitatea, elkarbizitza eta erotika.
Zergatik antolatu duzue tailerra?
Sexualitateaz ari garenean, ez gara ari soilik sexuaz; hori baino gehiago da: norberak bere bizitza nola bizi duen, bere desioak, bere identitatea... Eta hori dena aldatuz joaten da bizitza osoan zehar; ez da berdina nerabezaroan edo amona zarenean, eta modu berriak asmatu behar izaten ditugu. Eta oso aldaketa handiak dira seme-alabak izan ostekoak; gorputzean, sozialki edo lagunartean, lanean, desioan... Panorama guztiz berri batean gaude, eta, gainera, esaten dizute oso zoriontsu sentitu behar duzula; eta bai, garai handia da, eta zoriontsua da, baina, aldi berean, oso gogorra ere bai. Guraso izateak poz handia dakar gehienetan, baina sarri zailtasun eta iluntasunak ere bai. Beti ez da zorionekoa, ez hemen ezta beste herrialde askotan ere; gaizki pasatzen da, eta, gainera, badirudi ezin dela esan.
Hori lantzen duzue tailerrean?
Horri begira jartzen gara: nola egin aurre aldaketa horri, bikoteak ekuazio horretan zer toki izan behar duen, nola negoziatu... Harremana zaintzeaz arituko gara, baina baita bakoitzak bere burua zaintzeaz ere. Emakumeok zama historiko bat dugu zaintzarekin, eta hori arintzen ikasi behar dugula uste dut. Zaintza erdigunean jarriz, beti, baina ez umeen zaintza bakarrik, norberarena eta harremanena ere bai. Modu berriak asmatzea eskatzen du horrek, eta merezi du arreta pixka bat jartzea.
Eta zertan jarri behar da arreta?
Gizon edo emakume gisa hezia izateak sozializazio espezializatu bat dakar; maitasuna, zaintza eta desioa ez ditugu modu berean jaso, eta lehenengo pausoa da horri buruz hitz egitea, hausnartzea, geure buruari barre egitea, eta, hortik abiatuta, negoziazio tresna batzuk eskuratzea, bizitzeko modu berri hori elkarrekin asmatu ahal izateko.
Askotan txantxa tonuan hitz egiten da gai honi buruz; kosta egiten da serio hitz egitea.
Umorea ondo etortzen da beti, baina ez da txantxa, eta garrantzitsua da sexologiaren ikuspegitik gogoetarako espazio bat eskaintzea. Hasteko, zergatik garen guraso, zer den maitasuna, zer den desioa... Horiei erantzunda, elementuak atera behar ditugu gure beharrak identifikatzeko, eta esateko "nik hau nahi dut, eta horrela negoziatuko dut".
Elkarrizketa osoa honako lotura honetan irakur daiteke.