Ilea dohaintzan

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2019ko aza. 4a, 10:44

Irati Arangurenek Uztarria aldizkariaren 2019ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ile-apaindegira joan eta "puntak bakarrik moztu, puntak bakarrik e!" esan izan duten horietakoa izan naiz txiki-txikitatik. Ia bizitza osoan ile luzea izan dut, nire melena kizkur ederra solte luzitu ordez, mototsean lotuta eraman badut ere. Ile luze zalea izan naizela egia den arren, adatsa mozteko ausardiarik izan ez dudala esatea ere egokia litzateke. Kalean, hala nola, sarritan begiratu izan diet biloek sorbalda laztantzen dietenei, baita lepo aldea eta belarriak bistan darabiltzaten kaskamotzei ere.

Dena den, duela hiru urte hainbeste pisatzen zuen nire ilajea mozteko gogoa piztu zitzaidan. "Beti puntak mozten eta orain, bat-batean, gogoak eman dinalako moztu behar al dun mototsa? A zer erokeria, neska!", esaten nion neure buruari. Beroaldi hartan, ordea, moztu eta dohaintzan ematea erabaki nuen. Adatsa minbizia dutenen ileordeak egiteko eskaini nuen, "erokeria" haren ondoren neure burua kontsolatze aldera.

Ile-apaindegi batzuk ilea dohaintzan ematearen alde lan egiten duten erakundeen kolaboratzaile dira, eta gure herrian hamaika ile-apaindegi ditugunez, horietakoren baten bila hasi nintzen. Tamalez, nire bilaketa hutsean geratu zen, eta ezin izan nuen herrian bertan ilea dohaintzan eman. Mechones Solidarios izeneko erakundera eraman izan dut adatsa ilea eman dudan bi aldietan. Elkarte horren laguntzaile diren ile-apaindegiek 50 euroren truke dohaintza kit-a erosi behar dute; bertan, amantal-kapa, ileko 50 goma eta erregela daude. Ez nuke esango gastu hori ile-apaintzaileentzat handia denik; nire aburuz, gizarte nobleago baten aldeko apustuari keinu egitea litzateke. Gipuzkoan guztira 35 ile-apaindegi dira aurrez aipaturiko erakundearen kolaboratzaile. 36.a Azpeitikoa izango ote?

Urriaren 19an jaio nintzen, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunean, eta patua, kasualitatea edo gogoa tarteko, gaur egun ile-emailea naiz. Eta zu, animatzen?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide