Zazpi partida irabazi gabe egon ostean, garaipena eskuratu du Lagun Onakek

Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak ligako partida jokatu zuen joan den larunbatean, Pasaiaren aurka, Garmendipe futbol zelaian. Azken egunetako eguraldi txarrak eta euriteek erabat baldintzatu zuten neurketa; izan ere, zelaia ez zegoen egoera onean, eta ugariak ziren potzuak han eta hemen. Jokoa zaildu egin zuen zelaiaren egoerak, eta bi taldeek joko praktikoa egin zuten. Pasaiak lehen zatian aukera nabarmen bat izan zuen, baina zutoinera joan zen baloia, eta ordutik aurrera, partida irabazteko gogo handia erakutsi zuen Lagun Onakek. Bigarren zatian asko estutu zuen Azpeitiko taldeak, eta neurketa amaitzer zela, 92. minutuan, iritsi zen saria: Joanesek hegaletik erdiraketa on bat egin zuen, eta Erik Aranburuk buruz sartu zuen gola.

Horrela, hiru puntu garrantzitsu eskuratu zituen Lagun Onakek larunbatean. Une honetan, hamabost punturekin, hamaikagarren postuan da taldea.

(Argazkia: Gizonen taldearen artxiboko irudia)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide