Goenan ezezagunek hainbat zuhaitz ebaki dituztela salatu du udalak

Uztarria.eus 2019ko aza. 13a, 12:11

Azpeitiko Udalak salatu du Goenako zelaian hainbat zuhaitz moztuta, hondatuta eta botata agertu zirela orain dela egun batzuk. "Hasieran ekaitzaren eta haize bolada handien eraginez erori zirela pentsatu genuen, baina adituak ohartu ziren zuhaitzak nahita moztuta zeudela", azaldu du erakundeak. Hamar bat zuhaitz agertu dira moztuta eta hondatuta, batzuk "indarrez botata eta beste batzuk zerrarekin moztuta"; eta hain zuzen ere, horiek Zuhaitz Egunean herritarrek landatutakoak direla azaldu du udalak.

"Berdeguneen zaintzari arreta berezia eskaintzen dio udalak, eta herritarrak gai horren inguruan sentsibilizatzeko egiten da Zuhaitz Eguna. Auzolanean herrian ditugun berdeguneei balioa ematen saiatzen gara, ekintza polita izaten da. Argi adierazi nahi dugu horrelako ekintzek ez dutela gure herrian lekurik", adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak. Udalak azaldu du zuhaitzak ordezkatu egingo dituela datorren urteko Zuhaitz Egunean: "Urtearen hasiera izaten da zuhaitzak landatzeko sasoirik egokiena, eta itxaron egingo dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide