Geldialdia, jarraipen bakarra

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2019ko aza. 15a, 12:01

Korrika makina eta Maite. Maite eta korrika makina. Bi elementu horiek nahikoa izan zituen Maite Aizpurua zumaiarrak atzo arratsaldean Dinamoa sormen gunean aurkezten zuen lana ehuntzeko. Dantzerti eskolatik atera berritan, Azpeitiko Udalaren Sorkuntza Beketako bat jaso zuen Aizpuruak, eta haren piezak gizarte abiadura-biziko honetan pairatzen dugun mugimendu konstantea instant batez gelditu eta ikusleak hausnarketan murgildu nahi gaitu, sortzailearen beraren bizitza zertzelatzen duelarik obra bizi bezain interesgarri honek. Erabilera anitzak esleituz makinatzarrari, partener bikaina bihurtzen da eszenan runningaren kultura obsesiboaren ikur hau. Balentria handia erakusten du aktoreak, bere baitan jazotako arazo fisiko bat hartzen baitu lanaren hezurmuintzat. Konplexuak alde batera utzi eta gainditze-prozesu bat marrazten dio Aizpuruak aurrean duenari.

Izenburu probisional zein sujerenteak, komedia puntua eta Maiteren taula gaineko naturaltasuna ezkutatzen ditu, mezuz beteriko testu sakua makulu bezala erabiliz. Elbarriei buruz gizarteak dituen estereotipoak, ekosistema kliniko eta ospitalekoari kritika edota erresistentzia ezarriei aurre egiteko behar den indar eta kemena dira obran zeharkatzen den bideko zenbait geldiune. Lauso agertzen da zenbaitetan momentu solemne eta estrafalarioen arteko balantzea, belarritik jasotzen ditugun esaldi lapidarioek ez dute eta jarraipenik bisualki. Kontraesan horren bila joatea ere anitz interesgarria da, baina ez ninduen erabat konbentzitu. "Hezurretan gordetzen da memoria" ala "Jarraitzeko modu bakarra gelditzea da" titularrek azkar ihes egiten dute, ikuslean aztarna sakonik utzi gabe. Amaiera erritmikoak ginda txukuna jarri zion ekitaldi atseginari. Pozgarria, zinez, euskal aktoreen faktoria den Dantzertitik ateratzen hasiak diren ikasleen lanez disfrutatzea. Zorionak, Maite!

Badoaz aurrera antzerki topaketak eta poz handia ematen du jendeak eserlekua bereganatzeko duen konpromiso irmoak. Hurrengo egunetan, gainera, Euskal Antzerkiaren Lekua hartuko du Azpeitiak. Hilaren 21ean hainbat eragileri esker gauzatuko den hitzordua da Lekua. Bertan, antzerkiaren egungo egoeraz eta etorkizunaz hausnartzera gonbidatu nahi gaituzte. Zorte handia dugu azpeitiarrok, gure herria erreferentzia bihurtzen ari baita euskal kulturaren ekosisteman. Gozatu eta aprobetxa dezagun.

Azkene lerro hauetan Xanti Agirrezabala laguna zoriondu nahi nuke, joan zen astean Satiro antzezlanaren aurkezpenean fisikoki bertan izateko aukerarik izan ez banuen ere –musika gaiak tarteko–, bere lan pertsonala aurkeztean sentitu zuen poza konpartitzen baitut. Bere talentuaz aspaldi jabetu ginenok badakigu, bai, asko duela eman eta konpartitzeko. Ea Satiro laster ikusteko aukera dudan!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide