Zahar etxetako grebalarien aldarriak ozen entzun dira goizean Azpeitian

Uztarria.eus 2019ko aza. 19a, 15:58

Gipuzkoako zahar etxetako langileek greban jarraitzen dute. 127. greba eguna dute gaurkoa, hain zuzen ere, eta "lan hitzarmen duin baten alde" daramaten borrokaren barruan ia etengabean ari dira mobilizatzen. "Furgo martxak" egiten hasi dira aste honetan, "gatazka Gipuzkoako herri bakoitzean gizarteratzeko helburuarekin", eta Azpeitian izan dira gaur goizean, ELA sindikatuak deituta.

10:30ean elkartu dira grebalariak Perez Arregi plazan. Furgo martxarako erabiltzen ari diren ibilgailuaren megafonia lagun zutela, Erdikalean gora joan dira langileak, plazan egiten ari zen azokara iritsi eta han herritarrei beren borrokaren berri emateko. Erresidentziak borrokan leloa eta beste hainbat aldarri ozen entzun dira goiz osoan plazan eta inguruetan, eta more kolorea nagusitu da. Grebalariek informazio orriak banatu dituzte azokan zebiltzan herritarren eta saltzaileen artean. Eguerdia baino lehenxeago, udaletxearen aurrean elkartu dira berriro, Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu! zioen pankartaren atzean, eta manifestazioa hasi dute han. San Martin egoitzaren atarian bukatu dute martxa, eta bertan egin dute gaurko azken elkarretaratzea. "Orain bagoaz, baina itzuliko gara" esaldiarekin eta txalo artean amaitu dute mobilizazioa grebalariek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide