Azpeitiko Gaztetxeak Erraki gune autogestionatuen babes sarearen elkartasun jaialdia hartuko du zapatuan, hilak 23. Hori dela eta, Erresistentzia Kutxa Nazionalaren alde kontzertuak eskainiko dituzte Alerta Gorriak, 2ziok, El Sonido De La Metrallak eta Dj Martin Selektah-k musika taldeek, 22:00etan hasita. Gaztetxeko ateak, baina, lehenago irekiko dituzte, 20:00etan. Orduan jarriko dituzte salgai zuzenekoetarako sarrerak, bost eurotan. Kontzertuak hasi bitartean ogitartekoa izango dira Gaztetxean, eta jaialdiarekin lortutako irabaziak Errakiren Erresistentzia Kutxa Nazionalera bideratuko dituzte.
Joan zen martxoan jaio zen Erraki babes sarea, "gune autogestionatuen defentsarako mekanismo eraginkorrak sortzeko eta garatzeko". Orduz geroztik, hainbat izan dira Errakik aurrera eraman dituen ekimenak, eta horietako bat da Erresistentzia Kutxa Nazionala. Irailean ekimen horren aldeko elkartasun bertso afaria izan zen Gaztetxean, eta han lortutako irabaziak ere Erresistentzia Kutxa Nazionala hauspotzera bideratu zituzten.