Bihar, azaroak 20, itxiko da Errigoraren saskiak eskatzeko epea. Aurten berrikuntzekin iritsi da Errigoraren udazkeneko kanpaina, eta hiru saski ezberdinen artean aukeratu ahalko dute interesa duten herritarrek: beltza (ohikoa), berdea (ekologikoa) eta zuria (berezia).
Azpeitiko puntu hauetan eska daitezke saskiak: Elikagunean, Orkatzen, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Elkargunean eta Baigeran. Horrez gain, 'www.errigora.eus' webgunean ere saskia eskatzeko aukera izango da. Aurrez aipatutako guneetan eta sarean saskiaren osagaien inguruko informazio osoa ikus daiteke.
Azken urteetan, asko izan dira Azpeitian Errigoraren produktuak eskuratu dituzten herritarrak, eta ikasturte honetan ere xede horrekin ekin diogu lanari. Elikagunearen eta Elkar-ekinen artean egingo dugu kanpaina, iaz bezala.
Elikadura burujabetza, euskara eta auzolana uztartzen dituen egitasmoari bultzada ematera gonbidatu nahi ditugu herritarrak.
Uztarriaren zozketa
Uztarria Komunikazio Taldeak bat egin du, beste urte batez, Errigoraren kanpainarekin, eta Erriberako produktuez osatutako hiru saski zozkatuko ditu bazkideen artean.
Zozketan parte hartu nahi dutenek, mezu bat bidali beharko dute uztarriazozketak@gmail.com helbidera 'Errigora' idatzita eta bazkidearen izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztuta. Azaroaren 20an itxiko da zozketan parte hartzeko epea.