Euskal Autonomia Erkidegoan 334.000 lagun gizartetik at baztertuak ditugunean –%15,2 Caritasen Foessa Euskadi 2019 txostenaren arabera–, adinekoen egoitzetako langileek 130 egunetik gora daramatzatenean greban, hezkuntzan hilabeteko greba iragartzera iritsi behar izan dutenean, zainzaileak horrela zaintzen dituen gizarte batean, bizitzak horrela zaintzen direnean, zaintza soilik emakumeen eta etorkinen zeregina dela uste denean, bere buruaz beste egiten dutenen kopuruak sabaia jotzea ez da harritzekoa. Inora begiratu gabe, hemen bertan, garbiak dira benetako krisi humanitario batean gaudenaren sintomak. Seko despistatuak gabiltza eta seko despistatzen gaitu gizarte kapitalista honek nire iritziz.
Ba ote da gizakiak bizitzaren hasieran, bizitzan zehar edo bizitzaren amaierako zikloan behar duen zaintza –hau da, hezkuntza– baino gauza ezinbestekoagorik, beharrezkoagorik, garrantzitsuagorik? Ez dut uste. Ez jasotzen duenarentzat, ez eskaintzen duenarentzat ere. Ondokoaren ongizatea gizakion behar oinarrizkoena delakoan nago, eta uste dut gure beharrei erantzutean soilik oinarritzen dela gure bizitza; handiena. Ba ote seme-alabentzat beren aitak edo amak eskaintzen dien enpatia, maitasuna, baldintzarik gabe entzuteko aukera edo ulertzeko ahalegina baino gauza soil eta handiagorik? Ba ote aitona edo amona batentzat bere ondorengoek eskaini ahal dioten laguntza baino gauza handiagorik? Ba ote bizitzan zehar gaixorik denari edonork eskaini ahal dion gertutasuna baino gauza handiagorik? Ez soilik jasotzen duenarentzat, berdin-berdin eskaintzen duenarentzat ere. Edo zer da ondoko bat galtzean benetan galtzen dugun gauzarik handiena? Berak guganako zuen enpatia, maitasuna edo entzuteko eta ulertzeko gaitasuna.
Aukeraz beteta dugu ingurua, gaur eta hemen bertan, urrunera begiratu gabe, gure gizartean. Animo beraz; aprobetxatu, ez utzi aukerei joaten! Maitasunez blai.