'Muga deitzen da pausoa' filma emango dute bihar zineklubean

Uztarria.eus 2019ko aza. 26a, 12:00

Paradisu Zinemak antolatuta zineklub saioa izango da bihar, asteazkena, 21:00etan, Soreasun. Hain zuzen ere, Muga deitzen da pausoa filma emango dute. Elbira Zipitria irakasleari eta politika eta kultura militanteari buruz (Zumaia, Gipuzkoa, 1906-Donostia, 1982) Maider Oleaga zinemagilea bilbotarrak egindako filma da. Iazko azaroan erakutsi zuen aurreneko aldiz jendaurrean, Gijongo (Espainia) zinemaldian.

Honako hau da filmaren sinopsia: "Bi emakume Donostiako etxe zahar batean elkartuko dira. Bata bizirik dago eta zinemagilea da; besteak Elvira Zipitria Irastorza du izena, eta 1982an hil zen. Zinemagilea konturatuko da presentzia ikusezin batez beteta duela bizilekua, hainbat oihartzun ia-ia sumaezinez. Francoren diktaduraz geroztikoak dira hotsetako batzuk; garai hartan, euskara-eskola klandestino bat sortu zuen Zipitriak. Etxeko aspaldiko maizterra emakume garrantzitsua izan zen XX. mendeko euskal kulturan eta politikan. Hala ere, ezkutuan geratu da. Zinemagilea, hari buruz gehiago jakin nahiak bultzatuta, ikertzen hasiko da. Bilaketa ez da batere erraza izango, eta lan performatibo bihurtuko da. Filma egitea Elvirarengana gerturatzeko azkeneko modua izango da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide