Jon Ibarzabal: "Norberak bere modua du esandakoa interpretatzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2019ko aza. 27a, 16:22

Jon Ibarzabal. (Haizea Egiguren)

Jon Ibarzabal Udal Musika Bandako tronpeta-jotzaileari egokitu zaio 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Nondik datorkizu musika zaletasuna?

Ez dut erreferente zehatzik izan, baina tronpeta jotzen ikasteko gogoa txikitatik izan dut.

Kalean, frontoian... Herrian ezaguna da zure tronpeta. Zerk egiten du erakargarri?

Originala izateak edo jendearentzat ezagunak diren abestiak jotzeak.

Haizearekin funtzionatzen du tronpetak. Zer behar du Jonek bizitzan ondo funtzionatzeko?

Lana, osasuna eta poztasuna.

Tronpeta entzuteko, ezpainek dardara egin behar dute. Harreman batean, zerk egin behar du dardara?

Elkar ondo ulertzeak.

Momentu erotikoetan, zer tenpo duzu gustuko?

Ez dut bat zehatzik; momentuan momentukoa, musika obretan bezalaxe.

Soinuarekin edo soinurik gabe?

Musikaria izanda, soinuarekin.

Tronpetaren bidez esan daitekeen gauza kuriosoren bat?

Dena esan daiteke, "maite zaitut" bera ere bai. Norberak bere modua du esandakoa interpretatzeko.

Zer esango zenioke erotismoa berreskuratu nahi duen pertsonari?

Begiak itxi, eta pertsona baten laztan bat, masaje bat irudikatzen has daitekeela.

Zerk ateratzen dizu irribarre bihurri bat?

Nire gustukoa den proposamen batek.

Inspiratzen zaituen musika bat?

Morriconeren musika.

Gau goxo batean behar dituzun hiru elementu?

Konpainia ona izanez gero, beste bi elementuak soberan daude.

Belarri atzean: musu, koxk edo putz?

Tronpeta-jotzailea izanda, putz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide