Espartzu musika taldea, aldarriz betetako kantuak lau haizetara zabaltzeko prest

Uztarria.eus 2019ko aza. 27a, 15:21

Gaizka Arruek eta Pello Arruek osatzen dute Espartzu musika taldea.

Espartzu izena jarri diote Gaizka Arruek eta Pello Arruek elkarrekin sortu berri duten musika taldeari. Bi anaiek hainbat kontzertu eskaini dituzte Gaizkille eta Piro izenpean, baina orain izen berriarekin jarraituko dute ibilibidea. Hainbat abesti sortu eta grabatu dituzte, eta dagoeneko aurkeztu dute aurrenekoa, Nire Begiek izenekoa. 

"Gitarra akustikoek, eduki politikoz betetako letrek, ikusten ez den bateria batek eta Azpeitiko bi anaik osatzen dugu Espartzu". Horrela aurkeztu dute Gaizka Arruek (Azpeitia, 1998) eta Pello Arruek (Azpeitia, 1995) elkarrekin sortu berri duten musika taldea. Arrue anaiek urteak daramatzate musikaren munduan, sortzen, esperimentatzen eta egindakoa jendeari eskaintzen. Hainbat taldetan nahiz proiektutan ibilitakoak dira biak, eta badute esperientzia. Aurten bi kontzertu eskaini dituzte Gaizkille eta Piro izenpean, aurrenekoa Azpeitiko Gaztetxean eta bigarrena Sanjuandegiko festetan. Orain izen berriarekin jarraituko dute ibilibidea.

Espartzu musika taldeko bi kideak otsailean hasi ziren entseguekin, eta beraiek sortutako hainbat abesti grabatu dituzte urtean zehar Zubizarren. Espartzuko musikaeriek azaldu dutenez, nahi baino beranduago amaitu dute lanarekin: "Grabatutako abestiak lehenago publikatzeko asmoa geneukan, baina oztopo batzuk tarteko azarora arte itxaron behar izan dugu, kantuak ez baitzeuden guztiz osatuta. Dagoeneko prest daude, ordea". Aurrerapen bezala, Nire begiek izeneko abestia jarri dute entzungai sarean. "Bertan, gure hirugarren anaia den Alex Margüelloren kolaborazioa izan dugu, eta hark abesten du kantuaren zati bat", azaldu dute Arrue anaiek. Abestien grabaketetan hartutako irudiekin osatutako bideo batez lagunduta aurkeztu dute aurreneko kantua. Hona hemen abestia eta bideoa:  

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide