Estresaren eraginak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Aizpuru 2019ko abe. 16a, 09:49

Aitziber Aizpuruk 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Estresak zerikusi handia du jaten dugun moduarekin. Neurriz kanpoko estresarekin, energia asko kontsumitzen du gorputzak, eta gantz eta azukre asko dituzten elikagaiak jateko gogoa pizten du. Estresak eraginda jaten dugunean, antsietateagatik jaten dugula diogu –garaiotako arazo ohikoena–; gehiegi eta azkar, egokienak ez diren elikagaiak kontsumituz.

Identifikatzen al zara egoera honekin? Gurasoa zara eta etxetik kanpo lan egiten duzu. Goizean goiz jaiki, familiarentzat gosaria prestatu, gosaldu, dutxatu eta presaka zoaz lanera. Kotxea hartu, eta egunero bezala, zure buruari agintzen diozu hurrengoan lehenago jaikiko zarela (beti presaka). Egun gogorra izan ostean, etxera iristen zara, presaka eta neka-neka eginda. Erosketak egiteko denborarik ez duzu izan, kozinatzeko gogoak auzoan, eta gehienetan bezala, inprobisatzea tokatzen zaizu. Hori bai, bihar jango ez bazenu bezala, armairuan dituzun gailetak, txokolatea eta erosi duzun ogi barraren erdia jan dituzu konturatu gabe; eta hala ere, afaritan inork ez dizu antzeman...

Egoera ezaguna baduzu, estresa bideratzeko aukerak bilatzea komeni zaizu. Jatorduen planifikazioa hobetu, jaten duzun horretan arreta jarri, eta gogoratu, kirola lagungarria dela estresa bideratzeko. Ei, eta arreta jarri egiten duzun horretan!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide