Herri kiroletako hiru txapelketatako jardunaldi bana jokatuko dute igandean, 12:30ean hasita, Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Urrezko Aizkolarien Kopa Eusko Label Saria txapelketako finalerdia jokatuko dute Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak eta Jon Rekondo aizkolari leitzarrak. Horiek egin beharreko lana hamabina kana-erdiko ebakitzea izango da. Txapelketaren finala abenduaren 31n jokatuko dute Asteasun (Gipuzkoa). Dagoeneko erabakita dago finalistetako bat: Julen Alberdi Txikia V.a azkoitiarra. Joan zen asteburuan Eneko Otaño beizamarraren kontrako finalerdia irabazi zuen hark Mendaron (Gipuzkoa).
Aizkolarien finalerdiaz gain, Gabonetako Emakumezkoen Ingude Kopako jardunaldia ere izango da igandean Urrestillan: Nerea Egurrolak eta Virginia Finolek jokatuko dute. Gabonetako Harri-jasotze Kopako saioan, berriz, Beñat Telleria eta Mateo Coloma harri-jasotzaileek neurtuko dituzte indarrak. Lanerako hiru harri izango dituzte: 100 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola.