Garaipen garrantzitsua eskuratu dute Lagun Onakeko gizonek

Lagun Onak futbol klubaren Espainiako Hirugarren Mailako taldeak ligako neurketa jokatu zuen atzo, igandea, Garmendipe futbol zelaian. Lagun Onakek Urduliz taldea izan zuen parez pare, eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuten etxekoek. Izan ere, jaitsiera postuetatik hurbil zen Azpeitiko taldea, eta hiru puntu eskuratzeak arnasa hartzeko balio izan dio. Une honetan, hogei punturekin, hamahirugarren postuan da Lagun Onak.

17:00etan ekin zioten norgehiagokari, eta partida hasi eta berehala sekulako gola sartu zuen Joanes Otamendik. Oso ondo hasi zen Lagun Onak; lehen zatian oso ondo aritu ziren etxekoak, eta 35. minutuaren inguruan bat gutxiagorekin gelditu ziren aurkariak. Bigarren zatia hasi zenean, ordea, urduri jarri ziren etxekoak, eta Urduliz atera gerturatzen hasi zen; Lagun Onakek ezin zion baloiari eutsi. Beheko postuetan egoteak eragindako urduritasuna izango zen horren eragile, ziur asko. Une batzuetan gaizki pasatu zuten Lagun Onakekoek, baina behintzat, lortu zuten garrantzitsuena: hiru puntuak Azpeitian geratzea.

Hurrengo neurketa Balmasedaren aurka jokatuko du Lagun Onakek, Santo Tomas egunean, etxetik kanpo.

(Argazkia: Joanes Otamendi goleatzailea, artxiboko irudi batean)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide