Bihar iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi herrira, eta horiek herriko ikastetxeetako, Juan Antxieta musika eskolako eta Itsasiko kideek lagunduta ibiliko dira kalejiran. 11:45ean San Martin egoitzara joango dira guztiak bertan diren aiton-amonei bisita egin eta gaztainak ematera. Ondoren, 12:30ean, kalejiran joango dira denak plazara. Hara iristean, haurrek bertsoak kantatuko dizkiete Olentzerori eta Mari Domingiri, eta gaztetxoenek horiek agurtzeko, haiei gutunak emateko nahiz gaztainak eskuratzeko aukera izango dute.
Aurtengo ekitaldian izango da berrikuntza bat. Hain zuzen ere, usadioa berreskuratuta, beren artean ez daudenak gogoan hartzeko aukera izango dute herritarrek. Plazan sua piztuko dute, eta herritarrek txotxak sutara botatzeko aukera izango dute, gogoan duten gertukoaren izena esanda.
Jaiotza, arratsaldean
Ohiko moduan, Jaiotza aterako dute kalera Julian Barrenetxea eta Parrokiako abesbatzek, txistulariek nahiz hainbat herritarrek arratsaldean. 18:00etan elkartuko dira horiek denak Perez Arregi plazan, eta handik Olazko Andre Mariaren plazara bitartean ariko dira kalejiran.