Gure Esku dinamikak Tripontzia zozketa antolatu du Gabon sasoiaren bueltan. Datorren urteko urtarrilaren 20an egingo du zozketa taldeak, eta honako sari hauek eskuratu ahal izango dira: 60.000 euroko sari nagusia (zenbaki + serie sarituarentzat), 2.000 euroko zazpi sari (zenbaki bereko gainerako zazpi serieentzat), eta 1.500 eta 1.000 euroko zortzina sari (bigarren eta hirugarren zenbaki sarituak). Saridunen berri Gure Eskuren webgunean emango dute, eta hilabeteko epea izango dute irabazleek sariak jasotzeko. Guztira, 94.000 euro banatuko dituzte.
Azpeitian ere eskuratu ahal izango dituzte herritarrek zozketarako txartelak. Hain zuzen ere, zapatuan, Santo Tomas egunean, postua jarriko dute plazan Gure Eskuko kideek, 11:00etatik 13:00 aldera arte. Gainera, honako gune hauetan ere eskura daiteke Tripontzia: Kili Kolor, Orkatz, Elikagunea, Berdie, Sugoi, Laratz, Ertz, Zuhatz, Aiama, Urola Express, Ina okindegia, Zuar okindegia, Azpeiti autoeskola, Kiribil, Itzira denda, Jaka janari denda, Hartzubia taberna, Baigera (Plaza Txikian), Ikasberri ikastola, Xiriako okindegia, Etxe-Zuri, Korrale, Kantoi, Baigera II (Sanjuandegi), Niza taberna, Iris, Intxausti harategia, Egoki janari denda, Jim Clark, Labe Txiki okindegia, Inka kafetegia, Rochas, Estankoa (Urrestilla), Kimu bat, Bordatxo, Mendizabal erretegia, Egaña (Landeta), Eguzkitza, Intz taberna, Ogi-Eder okindegia, Biur denda, Lau Bide jatetxea.
Dinamikaren ordezkariek azaldu dutenez, talde autofinantzatua da Gure Esku, eta bazkideen kuotekin eta Tripontzia bezalako egitasmoekin mantentzen da bereziki egitasmoa. Horregatik, "oso garrantzitsua" iruditzen zaie herritarrek ekarpenak egitea.