Corazon Loco

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2019ko abe. 30a, 10:07

Txetxu Urbietak 2019ko abenduko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zure bizitzan beti daude gorriz markatutako uneak. Zer pentsatua ematen dizuten momentuak. Azken urteetan izokinaren pare bizi naizela jakin badakit. Asteburutan lana, alkoholik ez, soziedadea zapaldu ere ez, eta denak Reala direnean, nik realzale eszedentzia eskatu. Hori guztia barneratuta eta onartuta daukat. Urbieta da hori.

Baina bat-batean, kolpetik, beste mundu paralelo batean bizi naizenaren sentipena. Ostiral iluntzean mostradorera arrimatu, lagunei zer behar duten galdetu, eta nokieroko latza: "Corazon Loco". Harrapazak! Adarra jotzen ari dela pentsatu, baina ingurukoen aurpegiak ikusita, mundu honetakoa ez naizenaren sentipen tristea. Iniestaren ardo txuria, Bihotz Eroa, erotu gaituk, nahikoa diagu, nora iritsi behar diagu!

Hamarkada bat mostradore atzean pasatu eta nork esan honaino iritsi behar genuela. Eskailapekoa lehenbizi, Pitxonena gero, eta Manso beti. Hori zen txikiteroaren mama gozoa, mundu perfektua. Zer izango ote da hurrena? Santotomasetan txorizo urdina? Astigarragako Pasio Eroa? Don Manuelek aspaldi esan zuen bezala, asko izateak kalte egiten du. Edo asko jakiteak kalte egiten du ote zen? Antzeko parezido.

PD: kalimotxoa aspaldi utzi nuen alde batera, baina gustura jakingo nuke nire gaztaroko lagun kuttunarengana arrimatzeko orain zer egin behar den. Patxi, zuzenean kalimotxoa eskatzea nahikoa duk ala "kolazko freskagarria Corazon Locoz maridatutako nahastea" hobetsi behar diagu? Garagardoak ez nau kezkatzen, baina esan didate garagar zukua eskatzeko Medikuntza ikasteko baino nota hobea behar dela selektibitatean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide