Ostegunean, abenduak 26, izango da Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Hoi Denk Zirkue! ikuskizuna, 19:00etan hasita. Aurten, Azpeitiko eta Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako zortzi artista igoko dira Gaztetxeko oholtzara mimoz prestatutako ikuskizuna eskaintzeko. Xanti Agirrezabala izango da zeremonia maisua, eta hark gidatuko du emanaldia. Iagomagok eta Julenmagok aztikeriak egingo dituzte, Ekaintxou eta Winki arduratuko dira pailazokeriak eta malabareak egiteaz, Iraitz Lizarraga trapezioan ariko da eta Kattalin Barcena aro aereoan. Gaizka Chamizok, aldiz, bakarrizketa eta poledance-a uztartuko ditu.
Ikuskizuna 19:00etan hasiko den arren, Gaztetxeko ateak 18:30ean irekiko dituzte jende ilarak saihesteko. Azken urteetan bezala, aurten ere ez da krispetarik faltako, eta eskuragarri izango dira ikuskizuna hasi aurretik.
Goizean, zirku tailerra
Hoi Denk Zirkue! arratsaldean izango da, baina goizean ere izango da zer egin eta zertaz gozatu Gaztetxean. Izan ere, 11:00etatik 13:00etara zirku tailerra izango da bertan, 16 urtetik gorako lagunei zuzenduta. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek azpeitikogaztetxie@gmail.com helbidera idatzi besterik ez dute egin behar, parte hartzaileen izen-abizenak zehaztuta.