Bertako elikagai osasuntsuetan oinarritutako jangela ereduak sustatzeko plana da Azoka Plaza 2.0. Herriko proiektu pilotu horren berri eman zidatenean, nire buruari galdera potolo bat egin nion. Jangelan behin ere jan ez duten hiru seme-alaben ama gisa batetik, eta nutrizionista gisa bestetik, erantzun bat nahi nuen: nire seme-alabentzako nolako jangela gustatuko litzaidake? Etxekoa bezalakoa! Konfiantzazkoa, orekatua, osasuntsua, nahikoa eta kalitatezkoa. Uste dut aurreko esaldian edozein gurasok bere seme-alabentzat nahiko lukeen jangela deskribatu dudala.
Lehengaiak eta animaliak non, nork eta nola landatu dituen edota hazi dituen jakiteak zer jaten ari garen erakusten digu. Bertako eta garaiko produktuek balio erantsi hori dute, konfiantza ematen digute. Aberatsagoak dira, bitamina eta mineral gehiago baitituzte. Heldutako lehengaiak dira, beren puntu onenean jasotakoak. Ezin ditugu alderatu kanpotik ekarritako barazkiekin, gure mahaira ondo heldu gabe jaso, biltegiratu eta garraiatu ondoren iristen direnekin. Jaten dugunak elikatu egin behar gaitu!
Familia, eskola eta herria nutrizio heziketaren eremu naturalak dira. Gure umeek ondo jateko eskubidea dute, eta guk haiek ondo elikatzeko betebeharra. Erronkari eutsi diozuenoi, zorionak!