Elias Kerejetari elkarrizketa egitera joan behar Madrilera eta, sarean zebilen grabazio batean aditu nion, "Saint-Exuperyk esaten zuenez, haurtzaroa da norberaren aberria. Nire haurtzaroa Hernani da, Hernani da nire aberria". Eta, gero, txikitako lagun aspaldiko bati eskaini zion eman berri zioten saria. Donostiako Espainiako Zinemaldian, inondik ere. Aditu nionetik josita daramat burutzar gaztandi honetan: "Haurtzaroa da norberaren aberria".
Eta autoa garai batean perretxiko ikastolaren jolasleku izandakoan utzi eta plaza aldera jo dut Artetxeneko paretik. Poetaren anaia pozik saludatu, hari lan fina eragin, eta astotegi parera jo dut arkupeetan barrena. Eta Joxe Luixen poesia, geure hura: "Ene herriko plazak arku asko ditu / eta hala ere / bere begi goibeletan ez da inor galdu / arku asko ditu / eta behin ere / ez dute aurkitu / ziba gaztearen buruko txintxeta / Babelgo dorrearen behea / ene herriko plazak arku asko ditu / bere habe artean haurren jolasa gordetzen du". Ederragorik, nekez.
Emozio gehiegi
Eta nire herriko plazako arkupeetatik irteeran, han non datorren baten bat, ezagutzeko urruti, baina ez, hala ere, haren ibilera ez ezagutzeko behar bezain urruti. "Ibilera hori...!". Eta, hurreratu, eta Miren. Eta Miren esanda, da Lurdes, gure Lantziegoko Lurdes, eta da Josu, eta da Itsaso, eta da Unai, eta da... bizitza bat eta bizitza asko aldi berean. Mundualdi bat, nahi izanez gero. Eta da emozio mordoa. "Ardoa Ameriketara saltzen ari dira orain!".
Eta segi, bihotza zimur-zimur, Azoka Plazako zubia pasatu eta Artzubi aldera, eta, han, kontrako espaloian, beste bihotz bat. Miren da hau ere, baina Miren hau Arantxaren ama Miren da. Ikastolan ikasle ibilitako Arantxa, ikastolan zuzendari ezagututako Arantxa. Eta betiko irribarrea begi sorginetan, eta konplizitatea, eta Garmendipeko haizeak jotako etxepearen istorioa, nik zeharo ahaztuta neukana. "Letzen dizkizut, bai!". “Letu, bada, hurrengoa ere, hantxe erretratatuko zaitut!". "Aizu, niri ez zait protagonismorik gustatzen!". Mirenek.
Eta aurrera, hitzordua dugu eta. Eta lanak egin eta izkinako irish pub edo dena delakora. Eta han ere baten bat hoska ertzetik: "Hi, zer?! Herrira?". Mikel da, garai bateko irakasle laguna, makina bat korrika saio elkarrekin egindakoak, Behobia, eta Donostiako maratoia. Biboteari tira eta esaten zuenean: "Hi, afari koxkorren bat egin beharko diagu, ba!". Eta eskribitzen dituenak, eta ondoan duen lagunak, Irixarrek, eskribitzen dituenak. Bere buruarentzat eskribitzen duena. Horiexek idazlerik onenak.
Eta hainbeste haurtzaro eta hainbeste Azpeitia eta hainbeste kontu... onena alde egitea izango dela erabaki dudanean, herriari azkeneko buelta ematerakoan... aurpegi ezagun bat, oso ezaguna, baina 40 urte gehiago dituena. Isabel. "Isabel!". Eta zer moduz eta "igual-igual zaude!". "Bai, zu ez zaude igual-igual, eta nola egongo naiz ni, bada, igual-igual!". Eta gurasoak, eta "akordatzen al zara?" eta poza, biona poza, eta telefonoa hartu eta...
Hau itomena, arnasa estua. Tratu hau pasatzekotan, haurtzarora batere ez joanda hobe. Hobe zahartzarora joan. Nik ez daukat kulparik, zahartzaroa ere haurtzaroan azaldu zait niri. Erabaki dut: puskatean ez naute ni Azpeitian ikusiko. Emozio gehiegi.