Lagun Onak futbol klubeko gizonek joan den larunbatean jokatu zuten lehen itzuliko azken partida. Partida gogorra izan zuen Azpeitiko taldeak; izan ere, Sestao River izan zuen parez pare, une honetan sailkapenaren bigarren postuan den taldea. Denbora gehienean Bizkaiko taldeak izan zuen baloia, baina etxeko taldeak defentsa lanak ondo egiten asmatu zuen. Lehen zatian, bi taldeek ez zuten aukera garbirik sortu, baina bigarren zatian, Lagun Onak pixka bat hobeto aritu zen, eta kontraerasoan mina egiten saiatu zen. Bestalde, Sestao Riverrek izan zuen aukera on bat: iaz Lagun Onaken aritu zen eta egun Sestao Riverreko jokalaria den Ximon Arangurenek zutoinera bota zuen baloia. Gero, Lagun Onakek aldaketa batzuk eginda, aurrean freskotasuna irabazi zuen. Nabarmentzekoa izan zen Beñat Urangak izan zuen aukera: sekulako jokaldia egin zuen azpeitiar gazteak, eta atearen aurrean zela, baloia kanpora bota zuen. Eibarrek utzita Lagun Onakera itzuli da berriro Uranga, eta aukera hori aprobetxatu ez izanaren penarekin gelditu zen etxeko taldea.
Beraz, hutsean amaitu zen neurketa. Une honetan, 21 puntu ditu Azpeitiko taldeak, eta hamalaugarren postuan da. Aste honetan, Santurtzi hartuko du etxean Lagun Onakek. Larunbatean izango da partida, 17:00etan.
(Argazkia: Lagun Onaken partida bateko artxiboko irudia)