Herritar batek Uztarriara bidalitako argazkiak dira honako hauek. Irudiok Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik Euskal Herria kalean duen eraikineko jolastokian hartutakoak dira, eta argazkiaren egileak kexa agertzeko bidali ditu Uztarriara.
Horrela adierazi du herritarrak: "Norbaitek, denbora pasa, neurriz kanpoko indarra erabili du azken egun hauetan Karmelo Etxegai ikastolaren jolastokian. Parkearen barruko baratzeko hesiaren atea puskatuta agertu da. Hori ez ezik, kanpoan biribilean jarrita zeuden arkatz itxurako enborretako batzuk beren tokitik mugituta eta beste batzuk aldapatik behera botata azaldu dira. Duela ez asko landatutako murtxikondo bat ere errotik puskauta agertu da". Jolastokia "denona" dela dio argazkiak Uztarriara bidali dituen herritarrak, eta horregatik ardura herritar guztiena dela esan du: "Herriko jolastokiak eta txoko guztiak denon artean zaindu beharra dago". Jazotakoa argitu asmoz, bizilagunei dei egin die herritarrak: "Ikastola inguruko bizilagunen batek zerbait ikusi badu, jar dadila Udalarekin edo ikastolarekin harremanetan, mesedez".