Atzo jakinarazi zuen Kulturaz kooperatibak agortu direla Jotakie eta Immaculate Fools musika taldeek martxoaren 20an Sanagustin kulturgunean eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrerak. Programatutako hitzorduak izan duten harrera ikusita, beste kontzertu bat eskainiko dute bi musika taldeek Sanagustinen, martxoaren 21ean. Beraz, Jotakiek eta Immaculate Foolsek bi egunez jarraian eskainiko dituzte beren abestiak Azpeitian.
Martxoaren 21ean, larunbatez, eskainiko dute bigarren zuzenekoa Jotakiek eta Immaculate Foolsek, 22:00etan hasita. Dagoeneko salgai jarri dituzte bigarren hitzordu horretarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean.
Immaculate Fools 1984an sortu zen britainiar taldea da; folk arrastoak dituen pop-rock estiloa lantzen dute. 1985ean Immaculate Fools deituriko abestiarekin egin ziren ezagun, eta 1997an eman zioten amaiera ibilbideari, sei album argitaratu ostean. 2016an, ordea, taldeko lider Kevin Weatherillek musika talde birsortu zuen, beste musikari batzuekin. Jotakie taldea, berriz, 1980ko hamarkadan sortu zen taldea da, Euskal Rock Erradikalaren parte izan zena. Jotakie punkaren eztandarekin batera sortu zen Urola bailaran (Gipuzkoa), denborarekin euskarazko pop-rock talde bilakatu arte. Berezkoak eta bakarrak izan ziren Jotakieko musikariak abiadura eta haserrea kanporatzeko joera nagusi zen garaietan, doinu gozoak eta ezberdinak jorratzen baitzituzten. 1981etik 1990ra bitartean iraun zuen taldearen jardunak, baina azken urteotan eman izan dituzte noizbehinka kontzerturen batzuk.