Urteroko argazki jendetsua inoiz baino jendetsuagoa izan da aurten. Inoiz baino herritar gehiagok parte hartuko dute aurten San Sebastian jaietako danborradetan, eta helduen zein haurren danborradetako ordezkaritza inoiz baino zabalagoa izan da gaur, festak iragartzeko aurkezpenean.
Nagore Alkorta alkateak nabarmendu bezala, "historian lehen aldiz" hiru talde berri urte berean estreinatuko dira Azpeitiko helduen danborradan: Ilunpe, Inpernue eta Izarraitzpe. Horiekin, 30 talde izatera iritsiko da San Sebastian bezperako desfilea, eta hiru talde berrietako kideak batuta, iaz baino 150 bat lagun gehiago izango ditu festetako lehen danborradak; 1.500dik gora, guztira. "Ea nola kabitzen diren denak plazan!", bota dio irribarrez alkateak Mikel Odriozola Festetako zinegotziari, talde kopuruaren hazkundeak behartuta igande gaueko festan egin behar izan dituzten egokitzapenak aipatzerakoan. Plazan danborradak toki gehiago hartzeaz gain, aldaketa nabarmenena danborradaren hasiera ordua izango da: 22:00etan hasiko da desfilea Olazko Andre Maria plazaren ingurutik, azken urteetan baino ordu laurden lehenago, beraz.
Aurtengo sansebastianak "inoiz baino jendetsuagoak eta inoiz baino parte hartzaileagoak" izango direla azpimarratu nahi izan du Alkortak. "Urtea joan eta urtea etorri, gero eta herritar gehiago ateratzen da danborra jotzen, eta jendetza ibiliko da kalean haien bueltan ere. Parte hartzea eta aniztasuna nagusi izango dira. Heldu nahiz gazte, emakume zein gizon, denentzako moduko festak izango dira aurtengoak ere", esan du alkateak, eta festak "askatasunez eta besteen askatasuna errespetatuz" gozatzera deitu ditu herritarrak. Odriozolak, egitarauaren hainbat xehetasun aletu ondoren, antzeko deia egin nahi izan du, kasu horretan "dena ondo ateratzeko lanean" ariko direnentzako "errespetua" eskatuz. Udal ordezkariek ondoan izan dituzte aurkezpeneko mahaian aurten danborradan lehen aldiz irtengo diren hiru taldeetako ordezkariak, baita umeen danborradako karroza egin duen Aitor Exposito ere.
Aurten ez da omenaldirik izango San Sebastian bezperako danborradan, baina bai San Sebastian eguneko umeenean. Adinekoen aisialdia dinamizatzen lanean aritzen diren hainbat boluntario omenduko dituzte udaletxean astelehen eguerdian.
Danborradak udaletxetik ikusteko aukera
Aurten ere nahi duten herritarrei danborrada udaletxeko balkoietatik ikusteko aukera emango die udalak. Berrikuntzekin dator, gainera, eskaintza. Izan ere, helduen danborrada ikusteko ez ezik, bandera jaitsierakoa ikusteko modua ere izango dute azpeitiarrek udaletxetik. Horregatik, bi zozketa egingo dituzte, bata San Sebastian bezperako danborradarako eta bestea San Sebastian eguneko gaueko danborradarako. Herritarrek bietako bat aukeratu dezakete, edota biak ikusteko eskaera egin.
Aukera hori baliatu nahi dutenek, bi danborradetako bat edota biak udaletxeko balkoitik ikusi nahi dituztenek, zein danborrada aukeratzen duten zehaztuta deitu (943-15 70 68 zenbakira) edo idatzi (udalzozketak@azpeitia.eus e-posta helbidera) behar dute udalera, ostiral eguerdiko 12:00ak baino lehen. Idazten dutenen artean zozketa egin eta hamar bikoteri emango diete egun bakoitzeko danborradak udaletxetik jarraitzeko aukera.
Egitaraua
Hau da, zapatutik astelehenera, aurtengo San Sebastian festen egitaraua:
Urtarrilak 18, zapatua
- 16:00-20:00. Haur parkea, Izarraitz pilotalekuan.
- 22:30. Kontzertuak: Distorsion eta Baserriko Ollaskue Labien, Sanagustin kulturgunean.
Urtarrilak 19, igandea. San Sebastian bezpera
- 11:00-14:00 eta 16:00-20:00. Haur parkea, Izarraitz pilotalekuan.
- 22:00. Helduen danborrada.
Urtarrilak 20, astelehena. San Sebastian eguna
- 09:00. Izarraitz txistulari taldearen eta Juan Antxieta musika eskolaren goiz eresia.
- 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeen, Udal Musika Bandaren nahiz Juan Antxieta musika eskolako txibilibiteroen kalejira.
- 10:15. Udal ordezkariak korporazioan joango dira plazatik Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara.
- 10:30. Prozesioa.
- 10:45. San Sebastian eguneko meza nagusia Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Julian Barrenetxea abesbatzakoek abestuko dute eta Ignacio Arakistainek joko du organoa.
- 12:00. Sokamuturra, plazan.
- 12:30. Haurren danborrada.
- 16:30. Sokamuturra.
- 17:00-20:00. Haurrei zuzendutako birziklapenari buruzko tailerrak, Azoka Plazan.
- 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Bustinzuriko Errebaletik hasita.