Dena prest dago 2020ko San Sebastian jaietako helduen danborradari ekiteko. Arratsaldean mugimendua izan da herriko kaleetan; besteak beste, banderadunak eta kantinerak apaintzen izan dira ile-apaindegietan, soziedadeetako sukaldeetan lanean aritu da beste hainbat, eta arratsaldea libre zutenek poteorako aprobetxatu dute denbora. Ohi bezala, Perez Arregi plazan pantaila jarri dute, eta Uztarriako, Urola Kostako eta Erlo Telebistako lankideak danborrada zuzenean emateko dena prestatzen aritu dira.
Gainera, aurtengoan ekitaldi berezi bat ere izan da. Jon Galdos azken aldiz aterako da aurtengo danborradan Oilo-Soro taldea zuzentzen, eta hori dela eta, omenaldia egin diote elkartean bertan. Hamazazpi urtez zuzendu du taldea Galdosek, eta egindako lana eskertzeko, oroigarri bat eman diote elkartekideek, eta bertso bat abestu dio alabak. Ondoren, afaltzen hasi dira Oilo-Soron, eta gauza bera egin dute gainontzeko elkarteetan ere. Giro apartean ari dira afaltzen talde guztietako danbor-jotzaileak uneotan.