Gaur eguerdian haurrek bete dituzte herriko kaleak, sansebastianetako bigarren danborrada handiarekin. Urtero legez, jendetza elkartu da ibilbide osoan zehar, Juan Antxieta musika eskolak, Karmelo Etxegaraikoen Bizkainoen Tertzioak, Itsasik, Iraurgikoen Ezpatadunek, Ikasberrikoen Sukaldariek, Karmelo Etxegaraikoen Napoleoi Gorriek, Iraurgikoen Zumalakarregik, Ikasberrikoen Soldaduek, Iraurgikoen Mikeleteek eta Karmelo Etxegaraikoen Napoleoi Urdinek eskaini duten ikuskizuna jarraitzeko eta txalotzeko. Itsasikoek ireki dute aurten desfilea eta talde bereko umeak izan dira Aitor Expositok egindako karrozan joan direnak. Talde denak plazan elkartu eta San Sebastian Martxa eta Soreasuko Sebastian piezak jo ondoren, omenaldiaren unea iritsi da. Udaletxeko areto nagusian, adinekoen aisia dinamizatzen aritzen den hainbat herritar batu da, udalaren omenaldia jasotzeko. Esker oneko hitzak izan ditu Nagore Alkorta alkateak Nagusilan eta Pastoraltza taldeetako kideentzat, eta ondoren oroigarriak banatu dituzte omenduen artean Alkortak berak eta zinegotziek.
2020ko Azpeitiko haurren danborradan eta Azpeitiko Udalak Nagusilan eta Pastoraltza taldeetako kideei egindako omenaldian hartutako irudiekin osatutako bideoa da honako hau.
Argazki bilduma osorik, hemen.