Lagun Onak futbol klubeko senior mailako emakumeen taldeak ligako partida jokatu zuen atzo, igandea, Garmendipe futbol zelaian. Intxaurdi izan zuen parez pare Azpeitiko taldeak, eta partida ona egin bazuen ere, ezin izan zuen irabazi Lagun Onakek. Gogor atera zen zelaira etxeko taldea, baina Intxaurdi ere bai. Neurketa intentsoa izan zen denbora guztian, partida oso parekatua. 16. minutuan txartel gorria atera zioten Intxaurdiko jokalari bati, eta beraz, ia hasieratik bat gehiagorekin aritu zen Lagun Onak. 18. minutuan iritsi zen etxekoen lehen gola, Mariaren eskutik, eta beraz, aurretik jarri zen Lagun Onak. Bigarren zatian ere gogor atera zen zelaira etxeko taldea, baina ez zitzaizkion gauzak nahi bezain ondo joan. Bi taldeak nahiko parekatu zebiltzan, Intxaurdiren lehen gola iritsi zen arte, 75. minutuan. Atzetik etorri ziren kanpokoen beste bi golak; 85. minutuan bata eta 93. minutuan bestea. Horrenbestez, 1 eta 3 galdu zuen neurketa Lagun Onakek.
Une honetan, 31 puntu ditu Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak, eta sailkapenaren seigarren postuan da.