Beste behin, ezin irabazi

Lagun Onak futbol klubaren Espainiako Hirugarren Mailako taldeak Tolosaren aurka jokatu zuen neurketa, joan den larunbatean, Garmendipen. Etxekoak oso ondo sartu ziren partidan; aurkarietako batek baloia eskuarekin ukitu zuela eta, Lagun Onaken aldeko penaltia adierazi zuen epaileak bosgarren minutuan, eta Joanes Otamendik ez zuen hutsik egin. Gainera, lehen zatian talde bakoitzari gol bana baliogabe utzi zion epaileak. Dena dela, aurreneko zatian ondo aritu ziren etxekoak; kontrolpean izan zuten partida. Bigarren zatian, ordea, nahikoa lan izan zuen Lagun Onakek. Tolosa indartsuago zelairatu zen, eta sekulako gola sartu zuen kanpoko taldeak: atzeko eskuadra jo zuen baloiak. Lagun Onak urduri jarri zen orduan, partida irabaztea komeni zitzaiolako; ezin irabazita dabil aspaldian Azpeitiko taldea. Azkenean, baina, puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen Lagun Onakek.

Une honetan, 23 punturekin, sailkapenaren hamaseigarren postuan da taldea, Tolosarekin puntuetan berdinduta. Datorren astean Gernikaren aurka neurtuko ditu indarrak Lagun Onakek, etxetik kanpo. Larunbatean izango da partida, 18:00etan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide