Sonakay denontzat diskoaren bira jada amaituta, Azpeitira "zerbait hibridoa" eskaintzera datozela jakinarazi du Yony Camacho Sonakay taldeko abeslariak: "Pixkanaka-pixkanaka gure bigarren diskoa izango denaren zantzu batzuk eskaini nahi ditugu, lan guztiaren berri eman gabe, baina abesti berriren bat edo beste taularatuz".
Hain zuzen ere, formatu horretako estreinako kontzertua eskainiko du Donostiako taldeak bihar, larunbata, Sanagustin kulturgunean, 22:00etatik aurrera. Bederatzi lagun igoko dira agertoki gainera, eta "kontzertu alaia" eskainiko dutela aurreratu du Camachok, "jendeak gurekin dantza egin dezan eta euskal flamenkoan bete-betean murgil dadin".
Une honetan grabazio prozesuan sartuta dago taldea. "Abesti batzuk jada bukatuta ditugu, jada nahastuta ere bai; beste batzuetan, aldiz, eskeletoa besterik ez dugu. Horrelakoetan badakizu noiz sartzen zaren grabazio estudiora, baina ongi bukatzeko bere denbora behar da", adierazi du Camachok.
Aurki lan berriaren aurrerapen abestia estreinatuko dute, Rumba txikitita izenekoa, eta, adibidez, hori zuzenean joko dute larunbateko emanaldian. "Abesti horrekin taldekideak aurkezten ditut, eta kontzertuen amaieran jo ohi dugu, dagoen giroaren arabera beti ere".
Beraz, erakargarritasun bat gehiago izango da Sonakay zuzenean ikusteko. "Gainera, badugu gogoa abesti berriak zuzenean probatzen hasteko eta, batez ere, ikusteko jendeak zer moduz jasotzen dituen", nabarmendu du abeslariak.
Jarraitu erreportajea irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.