Zuhaitz Eguna da gaur, otsailak 2, Azpeitian, eta eguraldi ederra lagun, haur, gazte zein heldu zuhaitzak landatzen aritu dira goizean zehar Goenako berdegunean. Azken urteetan egin bezala, Azpeitiko Udalak, Ekoetxeak eta herriko ikastetxeek antolatu dute Zuhaitz Eguna elkarlanean, eta jende ugari animatu da egitasmoan parte hartzera. Bigarrengo urtez jarraian, Goenako zelaiak aukeratu dituzte Zuhaitz Eguna egiteko, eta bertan elkartu dira egitasmoarekin bat egin duten herritarrak, 10:30ean. Guztira, ehundik gora lagun elkartu dira Goenan, eta denen artean bost espezietako 60 zuhaitz landatu dituzte: hamabost indigaztain, hamabost lizar, hamabost urki, hamar pago eta hamar arte. Bi ordu inguruz aitzurrak astintzen ibili ostean, Zuhaitz Eguna amaitzeko eta indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa egin dute Goenan elkartu diren herritar guztiek, giro paregabean.
Udalak urte bukaerarako Goena ingurua egokitzeko asmoa du, "herritarrek gune horretaz behar bezala goza dezaten". Horretarako "burubelarri" ari dira lanean.
Gizartea berdeguneen garrantziaz sentsibilizatzea eta ingurumenaren zaintzan herritarrak subjektu aktibo izatea dira Zuhaitz Egunaren helburu nagusiak. Azken hiru-lau urtetan 400dik gora zuhaitz landatu ditu Azpeitiko Udalak.