Koplari aterako dira bihar, Santa Ageda bezperaz

Uztarria.eus 2020ko ots. 3a, 17:00

Bihar, asteartea, Santa Ageda bezperan santa eskean aterako dira ikastetxeetako ikasleak eta Matxinbentako santa eskeko taldekoak.

Santa eskeko doinuak eta koplak entzuteko aukera izango da bihar egun osoan zehar Azpeitian. Herriko ikastetxeetakoak kalera irtengo dute kantura, eguerdi artean eta iluntzean. Horiez gainera, Matxinbentako herritarrak ere santa eskean ibiliko dira goizean goiz hasi eta iluntzera arte. Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Jon Gurrutxaga Gurru bertsolariekin nahiz Laja eta Izer trikitilariekin ibiliko dira Matxinbentakoak eskean.

Herriko ikastetxeetan ere ospatuko dute Santa Ageda bezpera, hala batzuk kalera aterako dira, eta beste batzuk ikastetxean bertan ariko dira koplak kantatzen. Urola Ikastolako DBH 1. mailako ikasleak goizean aterako dira santa eskean. Aurrena, 10:45ean, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Lehen Hezkuntzako ikasleengana joango dira, eta haiekin batera jardungo dute kantuan, Perdillegiko ikastetxean. Gero, bi multzotan banatuko dira Urola Ikastolako ikasleak, eta multzo bat Sanjuandegira joango da, eta han Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzako ikasleengana joango dira. Beste multzoa, berriz, Alde Zaharreko kaleetan ariko da koplari. Bukatzeko, bi multzoak anbulatorio aurrean elkartuko dira, 12:00etan.

Iraurgi Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako ikasleek eskolako atarian bertan ospatuko dute santa eskea, 11:45ean hasita.

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek ikastetxeko atarian jardungo dute koplak kantatzen, 16:15ean hasita. Ondoren, 19:00etan, ikastolako gurasoak eta ikasleak aterako dira santa eskean kalera, Beñat Lizaso eta Ander Urbieta bertsolariek eta trikitilariek lagunduta. Sanagustin kulturgunetik hasiko dute santa eskea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide