Santa Ageda bezpera ospatu dute herriko ikasleek

Uztarria.eus 2020ko ots. 4a, 19:27

Otsailaren 4ero bezala, gaur ere kopla eta bertso kantari aritu dira Azpeitiko ikastetxeetan. Batera edo bestera, Santa Ageda bezpera ospatu dute guztietan. Barru bila ibili behar izan dute ospakizunak goizean egin dituztenek. Horrela aritu dira kantuan eta makilekin erritmoa markatuz Iraurgi Ikastetxeko eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak. Urola Ikastolako DBH1ekoak elkartu zaizkie Karmelo Etxegaraikoei Euskal Herria kaleko zein Perdillegiko eraikinetan; azken horretan, Kantu Jira taldekoek ere batu dituzte ahotsak ikasleekin. Arratsaldean egin dute festa, berriz Azpeitiko Ikastola Ikasberrin; bertako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak euritik salbu aritzeko aukera izan dute eta ez dute alferrik galdu, koplak eta musika jolastokira aterata. Ikasberriko ikasleek eta gurasoek kalera ere aterako dute santa eskea orain, iluntzean; 19:00etan elkartuko dira Sanagustin kulturgunean, eta handik abiatuko dute kalejira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide