Alaitz Badiola pilotari azpeitiarrak hitzordu garrantzitsua du gaur Alegian. 20:45etik aurrera, eskuz binakako Emakumea Pilotari Txapelketaren bigarren edizioaren bi finalaurreko jokatuko dira, eta horietako bigarrenean, lehen mailakoan, lehiatuko da Badiola. Maider Mendizabal aurrean duela, Eneritz Arrietak eta Maddi Mendizabalek osatzen duten bikotearen kontra jokatuko du atzelari azpeitiarrak.
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak bigarren urtez jarraian antolatu du Emakumea Pilotari Txapelketa, "euskal pilotan emakumeen presentzia aldarrikatzeko eta sustatzeko". Iazkoan bezala, bi mailatan banatuta –bigarren eta lehen maila– ari dira lehiatzen pilotari bikoteak; bosna bikotek parte hartu dute maila bakoitzean. Hain zuzen ere, iaz bigarren mailako txapela jantzi zuen Badiolak, Usue Zubizarreta bergararrarekin bikotea osatuta.