U30aren balorazio "oso positiboa" egin du Azpeitiko Greba Batzordeak

U30eko greba orokorretik astebetera, grebaren ondorengo datuak ikusita eta perspektiba pixka batekin, egunaren inguruko balorazioa egin nahi dugu Azpeitiko Greba Batzordekook.

Izugarria izan da. Herria ixtea lortu genuen denon artean. Azpeitiak ozen esan zuen aldaketa beharra daukagula, eta Euskal Herriko Karta Sozialaren aldarriak geure eginda, herriko kaleak bete genituen. Lantoki eta komertzio gehienak itxita, greba egun arrakastatsua izan zela esateko moduan gaude. Aipagarria da herriko merkatariek eta tabernariek hartu duten jarrera, ia aho batez babestu baitute greba.

Azpeititik kanpoko balorazioa egiterakoan ere, balorazioa oso positiboa da. 170 greba batzorde sortu dira Euskal Herri osoan, eta eguneko mobilizazioak oso jendetsuak izan ziren. Aldarriak entzun behar zituztenek ondo entzun behar izan dituzte.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu, Azpeitiko Greba Batzordearen izenean, hori guztia posible egin duzuen guztioi. Babes handia jaso dugu greba batzordeko kideok eta deialdi guztiak arrakastatsuak izan direla ikusteak lanean segitzeko gogo gehiago ematen du.

Lan, Pentsio, Bizitza Duinak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide