Gero eta gertuago daude karnabalak, eta jai horiek iragarriko dituzte bihar, zapatua, kaldereroek. 19:00etan abiatuko dira kaldereroak Arana kaletik, eta herriko kaleetan barrena ibiliko dira zartaginak astintzen eta kantuan. Bustinzuriko Errebala, Artzubiko etorbidea, San Martin egoitza, Artzubiko etorbidea, Goikokale, plaza, Enparan kalea, Erdikalea, Elizkalea eta Donejakue kalea zeharkatuko dituzte kaldereroek, eta plazan amaituko dute ibilbidea.
Alde Zaharrean barrena, Konpontzaileak eta Hungariar kaldereroen konpartsa abestiak kantatuko dituzte, eta partaide guztiak plazan elkartzen direnean, Trapu zaharrak eta Hungariako kaldereroak lanean kantuak abestuko dituzte. Udal Musika Bandak zuzenean joko ditu pieza horiek plazan.