Pattartegiak argi

Erabiltzailearen aurpegia Olatx Aranguren 2020ko ots. 19a, 09:07

(Itziar Aranguren)

Olatx Arangurenek 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Egunerokoak ez irensteko ahaleginak egiten ditugu. Abiada zoroan gabiltza. Noizean behin burua atera eta begirada lasaituko diguten ortzemugak zaizkigu beharrezko, itsasoan itoko ez bagara.

Urte berria hasi dugu, Gabonetako jan-edanak ahazterako sansebastianak. Azpeitiarron festarako ospeak ez du etenik. Halakoetan gure amarekin akordatzen naiz: "Hau bezalako herririk! Urte osoan arropa gora eta arropa behera, danborrada dela, mozorroak direla... Alde ederki ibiltzen da baserrian!". Eta gu gustura arropa janzte-eranzte horretan. Mozorrotzea maite, edozein izanik ere aitzakia.

Baserrian ere izaten zen arropak gordetzen ziren kutxa. Isilegi genbiltzala kezkatuta gure bila hasten zirenean, han aurkitzen gintuzten birramonaren soineko, aitonaren jaka nahiz amonaren zapatak jantzita. Eta ondoren, sukalderako desfilea.

Urteekin gauzak aldatu, zahartu egiten dira; zahartu egiten gara. Badirudi haurren aitzakian mozorrotzea errazagoa dela. Ez naiz azken urteetan mozorrotuta ibili Azpeitian, baina begiratu izan dut gaupaseroen argazkia. Garaiak aldatu egiten dira, eta ez beti txarrerako.

Atharratzen, Tolosan, Baionan, Azkoitian nahiz Azpeitian. Ez dut ezer handirik behar izan armairuan nituen arropak atera eta festa egiteko. Lagunartea. Oroitzapen ederrenetakoak Atharratzen ditut, Ezpeletako trikiti taldearekin kalejira egitera joanda. Bezperan izugarrizko haizetea edo tenpesta izana zen; kalte handiak eragin zituen, eta argindarrik gabe zegoen herria. Irudikatzen dituzue Azpeitian karnabalak argindarrik gabe?

Inguruetako jendearentzat neguaren bukaera ospatzeko, biltzeko aitzakia omen inauteriak. Batez ere, emazte edo emakumeentzat. Ostatua eta jantokia zuten tabernek argindar generadoreak ezarri zituzten otorduak prestatu ahal izateko. Tabernetan jendeak jotzen zekizkien musika tresnekin nahiz kantuz girotu ziren bazterrak. Ez ziren gutxi. Bazkaltzeko garaian mahaiak beteta, emakumeak batez ere mahai bueltan, kantuz bazkal ondorenean. Jendeak hasieran frantsesez, orduak aurrera joan ahala, euskaraz. Eta azkenean zuberotar-azpeitiar hizkerak hain urrun ez zeudela konturatu, elkar ederki ulertzen genuela hala nahi baldin bagenuen.

Urtean zehar itxita egon ohi zen ostatu bat ireki zuten bertakoentzat, tabernari lanbidea maite zuen familia bat omen. Eta gu barrura. Herriko xelebrekeria izan ginen. Atharratzen galduta zebiltzan bi espainulak. Izara batez estalita gitarra bat aldean zuen Ala Jinkua, Agosti Xaho bera begitarte ilunez tximiniaren ondoan berotu nahian... Gau surrealista izan zen. Euskaldun izatearen nekezaz aritu zitzaizkigun, De Trevilleren azken hitzak kantuz, lagun. Hori bera da denen ixtoria.

Eguneroko grisari ihes

Astearte goizaldeko txaranga, Queen taldearen kontzertu inprobisatuak, nazien itzulera, Enparantza Nagusia gimnasio erraldoi bihurtuta, gaupaseroen aerobik saioa... Azpeitia ez da atzean gelditzekoa. BUP ikasten genuenean ere gogoan dut irakasleak mozorrotuta etortzen zitzaizkigula eskola ematera. Herriaren osasunaren neurgarri dira hein batean halakoak, eguneroko grisak ez irensteko ahalegin bat.

"Asteartean txingortuta jaiki zen eguna. Hala ere, herri ohitura hezi ezina izaki. Goizeko bostetako pattartegiak argi ziren. Txingorraren beldur ez zirenak baziren, eguraldi txakurragatik ohe gain estalkipean egon zale ez zirenak milaka ziren. Erdikalea zahar eta gaztez betea. Txokolo, Troski eta atabal, kalera ateratzeko txistuka". Euzkadi egunkariak 1931n argitaratutako Azpeitiko Inauterien kronika. Gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Pattartegiek argi jarraituko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide