Joxe Mari Auzmendiri, esker onez

Leire Goenaga Hezkuntza zinegotzia eta Mari Jose Iturria Hezkuntza zinegotzi ohia 2020ko ots. 14a, 12:15

Joxe Mari Auzmendi, Joxe Mari Agirretxe eta Leire Goenaga.

Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak eta Mari Jose Iturria Hezkuntza zinegotzi ohiak honako gutun hau idatzi dute Joxe Mari Auzmendiren heriotza dela eta.

Atzo eguerdian jasotako telefono deia dabilkigu buruan, albiste tristeak hartu gintuen. Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko arima eta Azpeitiko Udalak aurrera eramandako proiektu askoren pieza garrantzitsuak utzi gintuen. Urte asko dira Joxe Mari ezagutu genuela: Euskal Herria eta herriak zituen maite. Heziketa ulertzeko modua, eskola herritarrak, jolasa, parte-hartzea, euskara eta gure kultura, hezkuntzaren eraldaketa zituen helburu.

Azken urteetan behin baino gehiagotan joan gara ate joka Hik Hasira, gure herrian hezkuntzatik abiatutako proiektuen bidez hobetzeko gauza batari eta besteari buruz galdezka. Joxe Marik beti ireki izan dizkigu Hik Hasiko ateak, eta beti izan da laguntzeko eta bidelagun izateko prest.

Beti umil, beti irribarrez, beti ilusioz. Horrela ezagutu dugu. Azken hilabeteetan eta egunetan ere, unerik gogorrenetan ere, ez ditu irribarrea eta lanerako gogoa alde batera utzi. Beti zetorren ideia berriren batekin. Behin eta berriz esaten zigun "handia" da egiten ari zaretena. Bultzada handia ematen zigun.

Azpeitiko ikastetxeekin eta Hik Hasirekin elkarlanean eginiko proiektu garratzitsua da Azpeitia Ezagutzen gazteenei Azpeitiaren historia modu erakargarrian ezagutarazteko hezkuntza proiektua. Joxe Mari hasieratik izan genuen udalean zein herriko ikastetxeetan, bere jakituriatik eta esperientziatik ekarpenak egiten eta proiektua bultzatzen.

Herrigintzaren bultzatzaile nekaezina, azken urteotan, herri hezitzailearen filosofiaren baitako lanak elkartu gaitu berriz. Joxe Mari Agirretxerekin batera, beti izan dugu bidelagun. Herria egiten ari gara, balioetan heztea dugu helburu; berdintasunean, elkartasunean, euskaratik eta euskaraz... eta horretan jarraituko dugu.

Azkena egon ginen momentua datorkigu burura. Orain dela pare bat aste izan ginen elkarrekin, eta beti bezala, besarkada batez agurtu ginen. Amesten eta lanean jarraitu besterik ez dugu.

Azpeitiko Udalak eta herriak badu zer eskertua Joxe Mariri; bihotzez, mila esker! Eta besarkada eta animoak senideei, lagunei eta gertukoei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide